Euskaraldian hika kontu-kontari

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia

Atzo arratsaldean 16 hikazale elkartu ziren Alondegiko Oxford aretoan antolatutako hikadromoan, Euskaraldiaren egitarauaren barruan.

Gizonak eta emakumeak nahasita, toka eta noka aritzeko aukera izan zuten atzoko hikadromoan. Besteak beste, hitanoaren egoeraz, dantza kontuez eta kirolaren garrantziaz hitz egin zuten. Amaieran APPA HI aplikazioarekin lehiaketatxo bat ere egin zuten, ea zeinek erantzuten zituen ondoen galdera gehien. Irabazleek Euskaraldiko poltsa jaso zuten saritzat.

Zumaian 1.200 herritarretik gora apuntatu dira aurtengo Euskaraldian, eta erdia baino gehiagok adierazi dute prest daudela H-a txapan jarrita hika ere aritzeko (edo entzuteko). Oraindik badago aukera txapak jasotzeko: turismo bulegoan, kiroldegian eta astelehenetik aurrera udaletxeko harreran, Emakumeon* Etxean eta Igor euskaltegian.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide