Ehunka ekimen sortu dira eta egiten dira euskararen alde: eskolak, euskaltegiak, aldizkariak, egunkariak, irratiak, kultur taldeak… Egitasmoak eta egiturak sortzeaz gain, euskararen aldeko aldarrikapen eta ospakizunek ere erantzun eta atxikimendu handia dute. Ikusi besterik ez dago milaka eta milaka euskal herritar nola hunkitzen diren Korrika pasatzen ikusten dutenean.
Euskal Herritik kanpoko herritarrak harri eta zur gelditzen dira Korrika ezagutzerakoan. A ze erokeria! 10 egun eta gau, euri eta elur, etenik gabe hamarnaka mila herritar korrika milaka kilometrotan euskararen aldeko mezua daraman lekukoa eskuz esku pasatzen. Herri berezia gurea, hizkuntzari oso lotua.
Euskararen aldeko jarrera horrek eragina du gero hiztunen erabakietan eta hiztun asko dira berez erdaraz errazago egin arren, euskara erabiltzen dutenak.
Belaunaldi berriei euskara transmititzeko orduan ere argi ikusten da: erdaraz errazago hitz egiten duten herritar askok, adibidez, arreta berezia izaten dute seme-alabekin euskaraz egiteko. Euren bizitzaren beste alor askotan ez bezala, euskaraz egiten diete haurrei.
Herritar askoren euskararen aldeko jarrera hauxe da euskarak duen indargunerik nagusiena.
ñaki Iurrebasoren azalpen luzeagoa entzun nahi baduzu, hementxe atal honi dagokiona: GAKOAK ALETUZ 05