GAKOAK 07 | Galeraren arrazoiak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2025eko maiatzaren 21a

Euskalduntzea eta erdalduntzea. Bi prozesu kontrajarri baina ez indar berekoak. Indartsuagoak dira erdalduntzea bultzatzen duten faktoreak. Zergatik?

Hauxe UEMAk eta Hamaika Telebistak landutako bideoen zazpigarren atala.

Batetik, egoera soziolinguistikoaren eraginagatik: hiztun gehienak erdaldunak dira, ez da ia euskaldun elebakarrik gelditzen; elebidunen artean gehienek erdaraz errazago hitz egiten dute; eta hiztun gehienak erdara nagusi den eremuetan bizi dira. Inertzia handiak daude euskaldunak erdalduntzea eragiten dutenak, eta aldiz, apenas dago joerarik erdaldunak euskalduntzera bultzatzen duenik. Euskararen ahultasun orokorrak berarekin dakar galera prozesuak nagusitzea.

Bestetik, botere egiturak daude, eta hauek ere erdalduntzea indartzen dute. Euskararen aldeko politikek euskalduntzearen alde egin arren zenbait lurraldetan, oro har, erdaren nagusitasuna nabarmena da lurralde osoan. Euskara ez da ofiziala Euskal Herriko lurraldearen erdian, eta, ofiziala den lurraldean ere bigarren mailako hizkuntza da gaztelaniaren atzean. Gaztelaniak eta frantsesak, estatuak dituzte atzetik; euskarak ez. Lan merkatuan ere, gaztelania eta frantsesa ezinbesteko hizkuntzak dira ia kasu guztietan. Euskara, batzuetan bakarrik. Hedabideetan, pantailetan eta kultur kontsumoan ere askoz handiagoa da erdarazko eskaintza.

Honek guztiak eragiten du erdalduntze prozesuak indartzea eta euskalduntze-prozesuak trabatzea. Egoera hau erraz irudikatu daiteke eskailera mekanikoen metaforarekin. Euskal Herriko toki gehienetan euskaraz bizitzen ahalegintzea, kontrako norabidean aritzea da. Euskaraz ez dakiena euskaraz ikasten eta bizitzen ahalegintzea beheranzko eskilara mekanikoetan igotzen ahalegintzea bezalako ariketa da. Nekagarria. Oso nekagarria. Gora igotzeko ahalegin handia egin beharra dago. Geldirik geldituz gero, korronteak behera eramango zaitu.

Egitura soziopolitiko eta linguistikoak gogor egiten du erdalduntzearen alde. Indar handiz. Horrek berarekin dakar euskara sozialki ahultzeko joera. Eta euskaldunen jarrera aktiboagatik ez balitz, berez etorriko litzateke euskara galtzea.

Iñaki Iurrebasoren azalpen luzeagoa entzun nahi baduzu, hementxe atal honi dagokiona: GAKOAK ALETUZ 07

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide