Nolabait esateko, gaur egiten den euskara guztiaren zati handi bat, bostetik bi inguru, udalerri euskaldun horietan egiten da. Gainera, bertako hiztunek eragin handia dute erdara nagusi den eremuen euskalduntzean ere. Euskara indartsuago dagoen lurralde-eremu horrek berebiziko garrantzia du euskararen biziraupenerako eta garapenerako.
Bilakaera-datuak, ordea, kezkatzeko modukoak dira: euskara nagusi den eremua txikitzen eta ahultzen ari da, eta gainbeherak ez du etenik. XX. mendearen hasieran arnasguneen eremu sendoa zuen euskarak: Gipuzkoa, Nafarroa Beherea eta Zuberoa osoak, Lapurdi ia osoa, Bizkaiko ekialdea, Nafarroako Iparraldea eta Arabako Aramaio inguruak biltzen zituen, tartean uharte urbano erdaldunagoak izan arren.
Eremu horretako hiztun ia denak euskaldunak ziren. Euskaraz modu naturalean eta erraz hitz egiten zuten, eta elebakarrak ere asko ziren. Lurralde horretan, euskarak betetzen zituen hurbileko funtzio sozial nagusiak, bai etxean, bai lagunartean eta baita kalean ere.
XX. mendean zehar, ordea, husten edo erdalduntzen joan ziren eremu zabal horretako herri gehienak, bereziki frankismo garaian. Gaur egun, berriz, udalerri sakabanatu eta isolatu samarrak dira gelditzen diren arnasguneak. Azken 20 urteotan, gainera, areagotu egin da atzerakada. Zentsuetako datuei erreparatuta, galerak abiadura berean jarraituz gero, hurrengo bizpahiru hamarkadetan desagertu egingo dira arnasguneak.
Horrek ahuldu egingo luke euskararen herria, eta eragin nabarmena izango luke euskararen biziberritzean. Arnasgunerik gabe, gu baino nabarmen ahulago dauden hizkuntzen egoerara gerturatuko ginateke, Irlandan, Bretainian edo Okzitanian bezala. Euskara nagusi den lurraldea zabaltzea eta indartzea lortuko bagenu, berriz, beste sendotasun bat emango lioke horrek euskararen herriari.
Iñaki Iurrebasoren azalpen luzeagoa entzun nahi baduzu, hementxe atal honi dagokiona: GAKOAK ALETUZ 10