GAKOAK 11 | Etorkizunari begira

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Azkue Ibarbia 2025eko maiatzaren 25a

Gaur egun, nola laburtu hitz gutxitan euskarak bizi duen egoera? Hegoaldean gaztelania baino askoz ahulago eta Iparraldean frantsesa baino askoz ahulago dago.

Hauxe UEMAk eta Hamaika Telebistak landutako bideoen hamaikagarren eta azken atala.

Minorizazio gorrian dago euskara. Bai gaitasunean, bai erabileran, bai transmisioan, bai hizkuntza-bilakaeran eta baita lurralde-nagusitasunean ere. Askoz gertuago gaude hizkuntza-heriotza egoera batetik euren lurraldean nagusi diren hizkuntzen egoeratatik baino, eta baita elebitasun parekide baten egoera batetik baino. Minorizazio gorri horrek, berarekin dakar ahultasun horretan sakontzen jarraitzeko joera. 

Argi dago: esku hartu ezean, euskararen aldeko politika sendorik gabe eta euskaltzale kontzienteen bultzadarik gabe, euskarak ahultzera joko du, hilzorian dauden hizkuntzen egoerara geroz eta gehiago gerturatuz.

Aurrera egiteko, gainera, ez dugu euskara defendatuko duen estatu propiorik, eta egungo botere-harremanek ere ez dute hizkuntzak benetan beharko lukeen indarberritze sendorantz eragiten. Hori guztia gutxi balitz, nazioarteko joera teknologiko-kulturalek eta demografia arloan gertatu ahal diren joerek, ez dituzte gauzak erraztuko. Ez dugu panorama erraz-erraza beraz.

Indargune aipagarriak ere baditugu, ordea. Euskal herritarrek euskararekiko duten atxikimendua handia da; hiztunen multzo handi batek bihotz-bihotzetik bizi du hizkuntza, eta barruko indar horrek eraginda erabilera gaitasunaren arabera beharko lukeena baino handiagoa da.

Horrekin batera, ahalegin handia egiten da belaunaldi berriak euskaldunago hazi daitezen. Ezaugarri horiek positiboak dira. Azken 60 urteotan egindako lan handiak fruituak eman ditu.

Ez gara hasiberriak hizkuntzaren aldeko lanean, ez horixe. Euskal Herriak jakin izan du euskalduntzearen aldeko olatu handiak eragiten, baita testuinguru zailenetan ere, hizkuntzaren aldeko indarrak bilduz eta antolatuz.

Horixe bera da XXI. mendeko euskaldunok dugun erronka, mendeetako katea etetea nahi ez badugu behintzat: egoeraren larritasunaz jabetzea eta euskara gure lehentasun pertsonal, sozial eta politikoetara ekarriko duen olatua eratzea.

Olatu euskaltzale berria eta sendoa. Guztioi dagokigu olatu berri hori osatzea eta indartzea.

Iñaki Iurrebasoren azalpen luzeagoa entzun nahi baduzu, hementxe atal honi dagokiona: GAKOAK ALETUZ 11

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide