Geldo, mantso jaisten da Urola ibaia Zumaian itsasoratzen den arte. Argazkietan bere edertasuna erakusten du: Oikian, Beduan, Artadiko behealdean trenzubi azpitik igarotzen denean. Baina haserretzen denean, euri jasa handien ondorioz emari handiarekin jaisten denean, kalteak ere eragin ditzake. Hala ikusi dute aste honetan Oikian, Urolak gainezka egin duenean eta zelaiak eta baratzeak urez estali dituenean.
Eta Urolarekin gertatzen dena, Arroaerrekarekin errepikatzen da. Neurri apalagoan akaso, edo ez. 1967ko irudi hau da horren froga. Argazki honetan gaur egun desagertuta dagoen Bidabeazpiko etxe dotorea agertzen da. Aurrealde guztia urez estalita ikus daiteke, seinale egun horietan euri franko egin zuela. Zumaiako Fototekan aurki daiteke irudi hau eta herrian izandako uholdeetako beste argazki batzuk.
Baleikek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.