'Telmo Deun'-en familian arraunean

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko eka. 2a, 09:00

(Zumaiako Fototeka)

Ia ohartu gabe gainean da udako sasoia, eta harekin batera itzuliko da traineru denboraldi berria. Zumaiako Telmo Deun traineruek ere parte-hartzaileen artean izango dira.

Harrobiko arraunlarien lanak amaituta, senior mailakoen txanda heldu da; batelak eta trainerillak gorde dituzte dagoeneko klubetako lokaletan, eta itsasoan edo errioetan zehar arituko diren traineruei hautsak kentzen arituko dira. Gaur bertan Gipuzkoako txapelketak jokatuko dituzte, eta ondoren etorriko dira liga desberdinak, Kontxako bandera, eta kirol jarduera hau hain ikusgarria eta, ikusleentzako behintzat, hain erakargarriak egiten dituzten estropadak.

Betidanik izan da arraunarekiko zaletasuna Zumaian, une gozoetan, baita okerragoetan ere. Barre egiteko aukerak ere izango ziren, ez akaso benetako traineruarekin, bai, ordea, argazkian ikus daitekeen Telmo Deun bitxiarekin. Arrauna baino fueraborda popan, familia osoa, emakume zein gizon, gazte zein heldu, ageri da barrez traineru bitxi horretan. Afaltzeko arrain ederra ere harrapatu dute!

Argazki hau eta beste asko Zumaiako Fototekan ikus daitezke, hemen.

Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide