Dagoeneko oporretan batzuk, lantokiak utzi eta egun libreak hartzeko desioarekin beste asko. Uda sasoiko paraderoa da herritar askorentzako. Zumaia utzi eta kanpora joateko hautua egingo dute askok: inguruko herrialde edo erkidegotara, atzerrira edo munduaren bestaldera. Aukerak amaitezinak dira. Beste batzuk herrian arratsalde pasak egitearekin konformatuko dira, paseatzera atereaz, hondartzara joanez, mendi buelta bat eginez edo, eguzkia etxe artean ezkutatzen den bitartean, terraza batean eserita, edariren baten laguntzarekin, bizitza pasatzen ikusiz.
Horren adibide da Zumaiako Fototekan gordetzen den irudi hau. Bertan, herritar talde bat agertzen da, gizonak emakume bat ezik, mahaiaren bueltan. Eskuinean eserita dagoenak akordeoi bat du eskutan, baina ez dirudi bibote eta bizardun jendeak osatutako kuadrilla horrek dantzarako asmo handirik duenik. Beraz, norbaitek pentsa dezake: zertaz ari ote dira hizketan?
Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.