Euskal Jai eguna ospatzen kuadrillan

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko abu. 4a, 09:00

Ohikoa da Zumaian Euskal Jai eguna ospatzea abuztuan. Ez da azken urteotako kontua, aspalditik dator lagun eta jai giroan ospatzea egun hori.

Abuztu hasiera ekitaldiz beteta etortzen da. Lehen asteburuan Gala gaua, bigarren astean Euskal Jai eguna, eta hirugarren asteburuan Kuadrilla eguna. Azken urteotan Dardarafest musika jaialdia ere egiten da azken egun horretan. Aspertzeko aukera gutxi dagoela, alegia, hileko lehen asteotan.

Norbaitek pentsa dezake, eta arrazoiarekin, Francoren diktadurapean ez zela Euskal Jairik izaten herrian. Baina, akaso zerbait folklorikoa bezala ikusten zutelako, baimentzen zuten halako jaiak egitea, beti ere ikuspuntu politikorik eman gabe. Zumaiako Fototekan ikus daitekeen argazki hau izan daiteke horren froga. 1962. urteko irudia da, eta bertan herritar talde bat agertzen da, neska zein mutil. Otarrean arrain baten buztana ere suma daiteke. Ez ziren oraingo Euskal Jaien antzekoak izango, baina, bai saiatuko zirela eguna ondo pasatzen. 

Argazkian agertzen diren neska-mutilen izen-abizenak dakizkienak, mesedez, bidali mezu bat zumaia@ukt.eus helbidera.

Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide