COVID-19aren izurritearen garaian izandako itxialdiak izan zuen eragina kontsumo ohituretan. Dendetara joateko ezintasunagatik edo beste hainbat arrazoiengatik, Internet bidezko erosketek gora egin zuten, eta horrek banatzaile gehiago kontratatzeko beharra ere ekarri zuen. Pandemia, zorionez, atzean geratu bada ere, oraindik ere erosketak saltoki digitalen bidez egiten jarraitzen dugu.
Banatzaileena ez da azken urteetako kontu bat. Aspaldidanik izan dira herrian mandatuak egiten zituzten lagunak. Donostiatik produktu bat ekartzea behar zenuela? Hari enkargatu. Izan zitekeen pakete bat, Nortasun Agiria edo gutunen bat. Hasieran trena erabiltzen zuten mandatuak egiten zituzten lagunek; gero, denborarekin, kamioiak ere eskuratu zituzten.
Zumaiako Fototekan gordetako argazki honetan duela dezente hamarkadako mandatu mutilak ikus daitezke. Etxe dotore baten atarian agertzen dira eta biek eskutan eusten dute turuta eta guztiko bizikleta handia. Ez zen izango beraien lana fardelak eramatea, baina esan daiteke gaur egungo banatzaileen aitzindariak izan zirela.
Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.