Batetik bestera mugitzeko grina du gizakiak. Herrian zehar, herri batetik bestera, kontinente batetik hurrengora, edota, diru faltaren arazorik ez dutenek, espazioan zehar ere bai. Mugitzeko behar horrekin batera joan dira berritzen eta sortzen garraiobideak. Orain trenak, autobusak eta itsasontziak ditugu ondoan, eta kilometro gutxira hegazkinetara igotzeko aukera ematen duten aireportuak.
XX. mende hasieran bestelakoa zen egoera. Zumaia Donostiarekin lotzen zuen trena, Vascongadoa, 1901. urtean jarri zuten martxan, eta 25 urte geroago, 1926an Urolako trena. Autoak zer ziren apenas jakingo zuten batzuek, eta oinez edo gurdiz mugitu behar izaten zuten orduko herritarrek. Baita diligentzian ere, Zumaiako Fototekak gordetzen duen 1900. urteko argazki honetan ikus daitekeenez.
Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.