Din dan don, Eguberri on!

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2024ko abe. 1a, 09:00

Gabon Korua Mari kalean. (Zumaiako Fototeka)

Zorionez batzuentzako, tamalez besteentzako, baina oraindik aste batzuk falta dira abesti hori nonahi entzun ahal izateko. Usadioari lotutako garaia izaten da Gabonetakoa, eta aurten ere hutsik egingo ez duena Gabon Korua izango da.

Pandemiako urtean izan ezik (arraroa egin zen kororik ez entzutea Gabon egunean kaleetan), gerraostetik hona urtero atera da Gabon Korua herriko kaleetara. Zuri-beltzezko Zumaia hartan ere elkartzen ziren orduko zumaiarrak kantuan aritzera. Zorionez, gauzak aldatu dira Zumaiako Fototekan jasotzen den argazkiko urtetik hona, orduan gizonak bakarrik aritzen baziren kantuan. Baina badira urteak, hamarkadak, emakumeak ere Gabon Koruko kide direla. 

Eta urteak aurrera badoaz ere, abeslari kopuruak ez du behera egiten. Esan liteke, gainera, gorantz egin duela partaide kopuruak. Abeslari beteranoenak ez dira dagoeneko taldean izango, eta beste batzuk erretiratu egingo ziren, baina gazteagoek hartu dute haien oinordetza, eta aurten ehun lagun inguru arituko dira kalez kale, plazaz plaza, txokoz txoko garaiko abestiak kantatzen. Galdera bat, ordea: Amaia Aldalurrek zuzendutako abesbatzak kantatuko al du Din dan don, Eguberri on! kanta?

Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide