Kinka larrian dago Astilleros Balenciaga enpresaren etorkizuna. Hilabete gutxiren epean irtenbiderik aurkitzen ez badute, Zumaiako historiaren memorian iltzatutako faktoria itxi beharrean aurkituko dira.
Era guztietako ontziak fabrikatu dituzte Balenciagan urteetan zehar; zamaontziak, baina baita arrantzaontziak ere; atoiontziak, baita puntako teknologia erabiliz petrolio-plataformetei laguntza emateko ontziak ere. Horien uretaratzeak herritar ugari inguratzen zituen ibaiertzera.
Balenciagako zuzendaritza berak enpresaren historia jasotzen duen argazki sorta eman zizkion udalari hark Zumaiako Fototekan zintzilikatu zezan. Zehaztu gabeko data duen irudi honetan ontziola ikus daiteke airetik. Lau pabiliok osatzen duten garai hartan Balenciaga, eta Egurkon izan ezik, apenas ikusten diren etxebizitza edo eraikinik inguruan.
Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.