Mozorrotuta, festa giroan

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2025ko mar. 2a, 09:00

(Zumaiako Fototeka)

Mozorroen koloreez jantzi da Zumaia asteburu honetan. Inauteri jaiez gozatzen ariko dira hainbat zumaiar. Norbaitek pentsa dezake Francoren garaian ez zirela festa hauek ospatzen, baina orduan ere mozorrotzeko zaletasuna zuten herritarrek. 

XX. mende erdiko zuri beltzezko Zumaia hartan gauza asko egongo ziren zapalduta edo debekatuta, baina ezingo zuen zumaiarren edo, behintzat, zumaiar batzuen festa gogoa zapuztu. Diktaduraren amesgaiztoko garai hartan ez zen erraza izango askatasun apurra izatea festa batzuek antolatzeko, baina parrandazaleek aurkituko zituzten zirrikituak alaitasunari tarte bat irekitzeko. 

Zumaiako Fototekan gordetzen den argazki hau izan daiteke horren adibide. Fitxari jaramon eginez gero, 1954. urtean ateratako irudia da, eta mozorrotutako kuadrilla agertzen da. Aurpegiak beltzez margotuta, eta marinelen edo lastozko txapelak buruan dituztela, Afrikatik edo Karibetik etorritako bisitarien planta dute. Akaso ordu txikiak arte ez ziren egongo festan, baina eguna bai ederki pasatu zutela. 

Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide