Ondo maite dituzte zumaiarrek San Telmo jaiak. Garai batean ez ziren herriko festa nagusiak izango –sanpedroak dira Zumaiako zaindariaren jaiak–, baina hamarkada batzuetatik hona indarra hartzen joan dira, eta esan daiteke zumaiarrak, baita inguruko herrietako bizilagunak, irrikitan egoten dira jaiak noiz helduko zain.
Bi asteburutan arrantzale alkandoren urdin koloreaz janzten dira herriko kale, kantoi eta txokoak. Lehen ere hala izango zen, nahiz eta gaur egunera heldu diren irudiak zuri beltzezkoak diren. Zumaiako Fototekak gordetzen duen 1955. urteko irudi hau da horren lekuko. Otarrak besapean dituztela, hiru emakume eta marinelez jantzitako haurra agertzen dira bertan. Frankismopean bizi zen Zumaia batean baziren barre egiteko aukerak.
Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.