Traineru estropaden ikuskizuna

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Ekainarekin hasiko dira traineruen denboraldiak, eta harekin bueltan izango da arraunaren ikuskizuna. Irailaren amaiera arte izango dira estropadak astebururo, arraunzaleen gozamenerako. 

Arraun denboraldia bete betean sartuko da ekainaren erditik aurrera. Lurraldeko eta Euskadiko txapelketak jokatu eta gero, traineru ligei hasiera emango diote, eta bertan arituko dira Zumaiako traineruak. Emakumeen Saregileak goren mailan arituko da, hainbat urteren ondoren. Gizonen Telmo Deun, berriz, KAE 1 ligan arituko da aurten ere.

Eta lehia hastearekin batera hasiko dira mugitzen klub bakoitzaren zaletuak, gogoko dituzten traineruen edo kluben koloreak soinean dituztela. Kirolean dagoen ikuskizun ederrenetakoa da arrauna, eta ibaiertzak edo itsasertzak janzten dituzten zaletuek dekoratu koloretsua osatzen dute. 

Zumaian betidanik egon da arraunaren zaletasuna, datarik ez duen eta Zumaiako Fototekan gordetzen den argazki honek garbi uzten duen bezala. Moila jendez gainezka ageri da, eta batzuek ontzietatik jarraitzen dute ikuskizuna. Azken urteetan behera egin duen zaletasuna berreskuratzea da Telmo Deun arraun elkartearen egungo zuzendaritzaren asmoa. Horretarako osagaiak egon badaude herrian.  

Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide