Traineru denboraldian mugilduta, Zumaiaren izena ordezkatzen duten bi traineru dabiltza lehia bizian, emakumeetan eta gizonetan ontzi bana. Negu gorrian egindako lan guztia udako hilabetetan erakusten dabiltza, bakoitza bere helburuekin.
Zumaia Kantauri itsasoan jaun eta jabe izan zen garaitik asko aldatuko zen prestakuntza, zer esanik ez zuri beltzezko gizarte hartatik hona. Ontziak beraiek ere ez dira ordukoak bezain pisutsuak. Hamarkada hauetan guztietan aldatu ez dena arraunlariek egin beharreko esfortzua da. Bestelako elikadura eta prestakuntza izango dute, traineruak ere akaso eramateko errazagoak izango dira, baina bai orduan, bai orain ere, bada errepikatzen den irudia: arraunlariak leher eginda behin estropada amaituta, arraunei helduta, karelari eusten, ontzia iraultzeko zorian dela. Datarik gabeko Zumaiako Fototekan erakusten den argazki honek garbi erakusten du gauzak aldatu direla, baina ez hainbeste.
Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.