Bueltan da ikasturtea

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2025eko irailaren 7a

Eskola txikiko haurrak, San Pedro Parrokiko eskaileretan. (Zumaiako Fototeka)

Uda sasoia amaitzear, eta oporraldiak kasik ahaztuta, haur zein gaztetxoak eskoletara itzuliko dira ikasturte berriari ekiteko. Barreak baino, negar egiteko garaia izango da askorentzako, historian zehar izan den bezala. 

Eskoletara bueltatzeko garaia heldu zaie herriko haur eta gaztetxoei. Amaitu dira oporrak eta kalean gauera arte egoteko uneak; goiz jaiki behar da eskolara joateko, eta horrek ohera goizago joatea eskatzen du. Guraso batek baino gehiagok izango du borroka seme-alabarekin etxeratzeko eta oheratzeko ordutegiak direla eta.

Batzuk Herri Eskolara joango dira, besteak Zumaienara, eta oikiarrak, noski, Oikiako eskolara. Akaso egongo da haurren bat herritik kanpoko eskolaren batera joango zena ere. Ukituko ez dutena Eskola txikia izango zen. Alde zaharrean kokatzen zen eskola hori, Sanjuaniturriaren bueltan, eta bertatik Zumaiako makina bat haur pasa izan da. Zumaiako Fototekan gordetzen den argazkia da horren adibide. Kurtso desberdinetako haurrak batera agertzen dira San Pedro Parrokiko eskaileretan ateratako argazkian, batuk serio, besteak keinuak eginez.

Data zehatza jasotzen ez bada ere, 50eko hamarkada erdian aterarakoa dela uste dute. Fototekako webgunean bertan ere aurki daitezke argazkian agertzen diren haurren izenak.

Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide