Lurralde osoan mantentzen diren duna bakarretakoak dira Santiagoko hondartzakoak. Haien garrantziaz jabedun, Aranzadi Zientzia Elkarteak Zumaiako dunak babesteko lanketa berezia abiatu zuen 2022an. Ordutik, ekintza desberdinak egin dituzte bertan, landare exotiko inbaditzaileak kentzea, esaterako.
Duna horiek ez dira, ordea, betidanik egon inguru horretan. Duela hamarkada batzuk, ez hain aspaldi, ez zegoen dunarik Santiagon, ezta zuhaitzik ere. Zumaiako Fototekan gordetzen den honako argazkia ikustea besterik ez da behar hortaz ohartzeko. Bertan, Ignacio Zuloaga margolariak Santiagon eraiki zuen Santiago Etxea ikus daiteke, eta lorategia eta bidexkak haren bueltan. Garai hartan, itsasoa artistaren finkako hormetaraino heltzen zen, eta apenas zegoen hondartzarik. Denborarekin, hondarra pilatzen joan zen, eta hala sortu ziren Santiagoko hondartza, basotxoa eta dunak.
Zumaia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.