Garai batean, ez hain aspaldi, artzainen batek eguraldi-iragarpenen bat egiten zuenean, batek baino gehiagok egiten zion kasu. Izango dira oraindik ere halako iragarpenak jarraitzen dituztenak, baina azken hamarkadetan izandako klima aldaketarekin, eguraldia une batetik bestera aldatzen denean, ea nork asmatzen duen hemendik bi hilabetera zer giro izango den.
Negua gainean da. Bi aste barru sartuko gara neguan, eta batek baino gehiagok galdetuko du ea aurten elurrik egingo ote duen. Kostaldeko herria izanik, itsasoak duen eraginarekin, ez da hain erraza izaten herria zuri kolorez janztea. Baina, aurretik esan bezala, edonork daki elurra egingo duen, hego haizeak buruak aztoratuko dituen, edo kamiseta hutsean kalera ateratzerik izango den otsailean.
Gauza bat ziur dago: elurrak edertu egiten ditu ohiko parajeak. Zumaiako Fototekan gordetako honako argazkia da horren adibide. Teilatuez haratago, egun Gernika parkea den gunea ikus daiteke, elurtuta. Apenas dauden etxe gutxi batzuk errepide ertzean, eta Moilaberriko kaia ere oraindik egin gabe dago. Ez daude, ezta ere, Urolaren tren geltotik moilara merkantziak ekartzen zituzten trenen aztarnarik. Eskuinean, berriz, belaontzi bat suma daiteke, moilan amarratuta.
Batek pentsa dezake, isiltasuna izango zela nagusi elurrak Zumaia zuriz jantzi zuen egun hartan. Nork daki! Agian umeak, eta ez hain umeak, elurrezko bolak botatzen arituko ziren elkarri. Elurrak halako uneak sortarazten ditu.