Ederra bezain arriskutsua dira kostaldea kolpatzen duten olatu handiak. Ikuspegi ederra izaten da olatuena, eta itsasoa haserre dagoenean makina bat herritar inguratzen da barrara edo Santiago hondartzara olatuen etengabeko dantza ikustera.
Eta ederra izanda ere, arriskutsua ere izaten da. Horren adibide dira 1960ko azaroan izandako istripu larria, edo 1984ko abenduan, autobusa uretara botata, bost hildako eragin zituen istripua. Horregatik, behin baino gehiagotan itxi behar izan dute Zumaia eta Getaria lotzen dituen kostako errepidea, pasa den hil amaieran erakutsi zuten bezala. Kalte materialak ere eragiten dituzte olatuek.
Hori guztia hala izanda ere, ukaezina da olatu handien edertasuna, Zumaiako Fototekako argazki honetan ikus daitekeen bezala.