Pasa den ostegunean zabaldu zuten Alondegiko Oxford aretoan Ez ahazteko gogoratuz. Herriko historia eta emakumeen memoria argazkitan erakusketa. Emakumeon Etxean egindako ariketa baten emaitza da hura, eta itzalpean egon diren emakumeen memoria berreskuratu eta haiei aitortza egitea du helburu, haien bizitza pribatuko argazkiak erabiliz horretarako.
Zumaiako Fototekako bilatzailean emakume hitza sartuta, bost irudi besterik ez dira ageri, eta horien artean dago sardinera talde batena. 1951. urteko argazki horretan, sareak, otarreak eta arraunak eskutan dituztela agertzen dira emakume horiek, Erribera kalean. Pozik eta barrez agertzen dira emakume horietako batzuk argazki kameraren objektibora begira; serio, ordea, beste batzuk.