Prozesioen garaia

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko apirilaren 5a

Prozesioko kideak, San Pedro parroki aurrean. (Zumaiako Fototeka)

Aste Santuan murgilduta dago gaur egun Zumaian, eta ondoren San Telmo jaiak etorriko dira. Bietan ere prozesioak egingo dituzte. Ekintza horiek ere badute isla Zumaiako Fototekan.

Agian ez lehen bezainbeste, baina oraindik ere egiten dira prozesioak herrian. Duela urte batzuk ez bezala, gaur egun ez dute egiten Karmengo eguneko prozesiorik; mojak Komentutik joan ziren unean utzi zioten ohikoa zen ekintza hori egiteari. Arritokietako egunean ere izaten zen prozesioa Alde zaharra eta Arritokietako ermita artean, baina gaur egun bederatziurrena eta elizkizunak egiten dituzte, prozesiorik gabe. 

Batzuk desagertu badira ere, beste prozesio batzuk oraindik mantentzen dira. Gaur igandea da, eta halako egunean egiten duten Resurrexita Arritokietan, eta ondoren Ama Birjinaren eta Jesukristoren irudiak parrokiara eramaten dituzte prozesioan. Hilaren 13an, berriz, San Telmo eguna ospatzen da, eta ohikoa den bezala, santuaren irudia prozesioan eramango dute parrokietatik San Telmo ermitara. Behin elizkizuna amaitzean, berriro itzuliko dute irudia parrokiara. 

Zumaiako Fototekak ere jasotzen ditu prozesioei lotutako irudiak. 1946. urteko irudi hau da horren erakusgarri. Parrokiko eskaileratan agertzen da lagun taldea, haur zein heldu, zuriz jantzita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide