Asko izango dira uda heltzeko zain egongo direnak Itzurun edo Santiago hondartzetara bertaratzeko urteko lehen bainuak hartzera. Udaberri epel samarra izan da, eta izan da dagoeneko itsasoan sartu direnak, nahiz eta ura oraindik hotz samar egon.
Herritar askok errioan bainatzeko hautua egiten dute, are eta gehiago itsasgorarekin Itzurun hondartza "desagertzen" denean eta ura hormaraino heltzen denean. Halakoetan, toalla hartu eta Arranplara bertaratzen dira zumaiar asko, Urolaren itsasadarrean bainatzera. Ez da hura gaur egungo ohitura, Kutxaren Fototekan gordetzen den argazki honetan ikus daitekeen bezala. 1940ko argazkia da, eta bertan haur batzuk ikus daitezke uretan, eta beste batzuk lehorrean argazkilariari begira.
Betidanik egon da, itsasgorarekin, Arranplan bainatzeko ohitura, baina iazko udan zalantzan jarri zen, uraren kalitatea bainatzeko egokia ez zelako. Zumaiako Udalak debekatu egin zuen errioan bainatzea; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, bere aldetik, bainatzeko gune baimendua ez zela esan zuen. Denborarekin, uraren kalitatea hobetzen joan zen heinean, herritarrak berriro Arranplara bertaratu ziren, ez koskan eserita marianito bat edatera soilik, baita errioan bainatzera ere. Aurten ere hala gertatuko ote da?