Izan ere, euskal kulturan ondo errotuta dauden dantza horiek jendetza mugitu izan dute betidanik. Gaurko jaialdia, santelmoetakoa, edo Sanjuaniturrian, San Juan suen bueltan egiten dutena da horren adibide.
Denboran atzera eginda ere, euskal dantzen jaialdi edo ikuskizun ugari egin dira herrian, eta eduki hau janzten duen irudia da horren erakusle. Zumaiako Fototekan gordetako argazkia 1965. urte inguruan dago datatuta, Francoren diktadura amaitzeko oraindik hamar bat urte falta zirenean.
Bertan, Kofradiako plazatxoko ikuspegia jasotzen da. Erdian, neska talde bat dabil dantzan, eskuan otarreak dituztela, zirkuloan, plazari bueltak ematen, Estalape inguruan dauden txistularien doinuek lagunduta. Eta haien inguruan, herritar mordoa: haurrak lehen ilaran, eserita, eta haien atzean helduak. Batzuk gurasoak dira, eta haurtxo txikiak daramatzate eskutan; haiek ere adi-adi jarraitzen dituzte dantzarien mugimenduak. Akaso, hor eserita dauden ume horietako batzuk jarraituko zuten herritarren aurrean euskal dantzekin bueltaka aritzeko ohitura.