Trenari lotutako herria izan da Zumaia. XX. mendean treneko bi lineak egiten zuten bat Zumaian: Bilbo eta Donostia arteko zerbitzua ematen zuen tren baskongadoa zegoen batetik, eta Urolako trena bestetik. Bakoitzak bere geltoki propioa zuen, batak bestearen alboan, non eta Estazioko auzunean.
Batak Zarautz edo Deba aldera jarraitzen zuen bidaia, bidaiariak edota merkantziak hartu edo utzi eta gero. Urolakoak Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen, eta Moilaberrira arte jarraitzeko aukera ere bazuen, bailarako produktuak zamaontzietan kargatu ahal izateko.
Denborarekin, aldaketak etorri ziren, eta 1980ko hamarkadan desagertu zen Urolako trena, bailarako bizilagunak erabaki horren aurka borrokatu zuten arren. Baskongadoak bere horretan jarraitzen du, Euskotren enpresa publikoak kudeatuta. Kasu horretan, desagertu dena ez da trena bera izan –orduko lokomotora eta bagoi pisutsuek egungoetan antza gutxi badute ere–, baina bai tren geltokia. Bilbo-Donostia lineako geltokia eraitsi egin zuten, eta trenik ez bazuen ere, oraindik zutik zegoen Urolako trenaren geltokira lekualdatu ziren orduko langileak.
Zumaiako Fototekak gordetzen duen irudiak treneko lau langile jasotzen ditu. Denek ere bibote galantak dituzte –beharrezkoa ote zen garai hartan bibotea izatean trenean lan egiteko–, baita kapela ere buruan. Atseden une batean harrapatuko ote zituen argazkilariak? Edo propio jarri ziren lau gizonak, treneko lau langilean, argazkirako?