Pandemiaren bizipenak (III)

Argazkia: Dominik Lange - Unplash

Erresidentzietako langileez gain, badira hirugarren adinekoen zaintza lanetan aritzen diren beste hainbat emakume ere. Guztiok ezagutzen ditugu euren etxeetan bizi diren pertsona helduak zaintzen dituzten langileak.  Zumaian lan horretan aritzen den emakume batek eman digu bere bizipenen berri.

Emakume ikuspegitik, lanbide hau atsegina dela baina bidegabekeriaz kudeatzen dela ikusten dut. Gure helduak zaintzean daukagun paperari ez zaio inongo errekonozimendurik ematen, eta adierazi nahi nuke izugarrizko dezepzioa sentitu dudala, beste behin ere, emakume ikusezinak izatea jasan dugulako.

Horrela sentitzen bainaiz: MODU IKUSEZINEAN borrokatzeko konpromisoa izanda, egunero indarrak hartzen eta indar horietan konfidantza izaten, egunerokotasunari aurre egiteko beharrezko dudan adorea ez galtzeko.

Zaintzaileok aldarrikapenak egin genituen martxoaren 8an. Ahotsa altxa genuen, entzun zedin gure eskaera lanbide honek, zereginez gain, eskubideak ere izan ditzan (aspalditik eskatzen ari garen moduan). Izan ere, gure eskubideak jendarte osoarenak dira, eta beste behin, guztiok ikusi dugu ezbehar honen aurrean egin behar izan dugun lana. Gure esku dagoen guztia jarri dugu lehen egunetik etsai indartsu honi aurka egiteko, hilgarritasuna, bihozgabekeria eta nahigabea ekarri dituena.

Ustezko lasaitasun aldi honetan, nire sentsazioa da IKUSEZIN izaten jarraitzen dugula. Lan prekarietarea lehengo bera da, eta sentitzen duguna ere bai: errekonozimendu falta, utzikeria, ahaztuak eta alboratuak izatea, geure buruei galdezka ea orain lanbide “ez-oinarrizkoak”  ote garen. Azken finean, borrokari hasiera eman genionean bezala gaude, bidea egiten ea noiz iritsiko den eguna eskatu beharrik gabe eskua luzatuko digutena, atseden hartzeko babesa eskainiko digutena, indarberritzeko besarkadak jasoko dituguna. Hitz egin nahi dugu, entzun gaitzatela, beldurrak ez dezala eragotzi gure errealitatea erakustea; azken finean, IKUSEZIN izateari uztea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide