Pandemiaren bizipenak (V)

Argazkia: Sai De Silva -  Unplash

Gaurkoan, aldi berean hainbat enplegu dituzten ama bakarreko familien errealitatea ezagutuko dugu, herriko emakume baten esperientziatik abiatuta.

Guraso bakarreko familiaren burua naiz, eta enplegu bat baino gehiago ditut. Garbi daukat pandemia hau borroka bat gehiago izan dela nire alabaren eta nire bizitzetan. Langile ikuspegitik, guztia utzi behar izan dut -baita daukadan gauzarik preziatuena ere, familia- krisialdiaren aurretik bizi genuen prekaritareari aurre egiteko. “Normaltasun berrian” ere bizi behar izango dugu prekarietate bera.

Oztopoak oztopo, familiaren gidaritza nik bakarrik daramat, beste hainbat emakume bezala, genero indarkeriaren biktima izan naizelako. Jarraituko dut nire esperientzia elkarbanatzen, eta gaitz hau desagerrarazteko ahal dudana egiten.

Egoera aldatzeko aukera dutenen aurrean, salatu nahi dut ama bakarreko familiek ere laguntza behar dugula kontziliazioa, alderdi guztietatik, lortu ahal izateko. Gaur egun, oraindik, ez zaie ikusgarritasunik ematen hainbat familia motari, eta horregatik, behin baino gehiagotan urratu zaizkigu gure eskubideak alabari eta niri. Laguntzak ukatu dizkigute, bi emakume “bakarrik” izateagatik. Eta ez behin bakarrik, askotan ikusi dut dut nire burua beharrezkoak zirenak baino azalpen gehiago ematen. Esaterako, alabaren ikasketetarako beka eskuratu ahal izateko.

Berrikustea behar duten gertakariekin zerrenda luzea egin dezaket. Emakume asko behartuta gaude hainbat enplegu edukitzera aldi berean, eta horrek ez digu familia kontziliatzeko modua eskaintzen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide