Pandemiaren bizipenak (VI)

Konfinamenduaren aurretik, pentsiodunak hasita zeuden euren eskubideengatik aldarrikapenak egiten. Martxoaren 8an entzun genuen emakume pentsiodunen ahotsa. Euretako hirurekin hitz egin dugu krisialdi honen inguruan, asko dute esateko eta.

Orokorrean, lasaitasunez bizi izan dugu etxean egon beharra. Laguntza eta babesa jaso ditugu, eta hori eskertzekoa da. Adibidez, erosketak egiteko boluntarioak eskatzeko aukera eman digute, gainera Udalak sinatutako eskutitz baten bidez, horrela informazioa fidagarria dela ziurtatuz, izena lasai emateko.

Batzuei dependentzia duen pertsonaren bat zaindu beharra egokitu zaigu, eurentzat eguneko zentroak itxi dituztelako. Alde horretatik ere, ez gara ahaztuak sentitu: Udaleko gizarte langileak harremanetan egon dira gurekin, eta itxita egon arren, zentroetako arduradunek telefonoz galdetu digute zer moduz geunden. Ondo zainduta egon gara, eta gainera, etxean bakoitzak bere espazioak mantentzen saiatu gara.

Guretzat, itxialdian jasateko gauzarik gogorrena isiltasuna izan da. Errepideak hutsik, umerik ez, inor ez kalean... Behintzat, bizilagunak nortzuk diren ezagutzeko aukera eman digute balkoira ateratzeko une horiek.

Konfinamendua amaitzean, berriz kalera irteten hastea ez da erraza izan. Alde batetik, denbora luzez egon garelako irten gabe. Bestalde, arriskuko taldea izanda, beldurra sentitu dugulako. Ez genekien nola bermatu gure segurtasuna kalean.

Krisi honek asko hausnartzera eraman gaitu. Egoera gogorrenetan egon diren pertsonez asko gogoratu gara: migranteak, errefuxiatuak, erresidentzietako pertsonak, oinarrizko lanetako langileak… Ohartu gara, larrialdi egoeran bertan behera utzi ezin diren lanetatik asko, garbitasuna eta zaintzarekin lotutakoak direnak. Hain zuzen ere, feminizatuta dauden lanbideak,  lan baldintza eskasak eta errekonozimendu txikia dituztenak.

Guk hainbat urtez borrokatuta lortu ditugun eskubideak (gizarte segurantza eta osasun sistemarekin lotutakoak, besteak beste) arriskuan jarri direla ikusi dugu. Azken urteotan, pribatizazioaren alde egin da, eta orain hainbeste entzuten den “bizitzak erdigunera” kontzeptuak kontrakoa eskatzen du. Zerbitzu publikoak eta erantzun kolektiboak behar ditugu. Oinarrizkoak diren lan horiek baloratzetik hasi, eta bitartekoak jarri baldintzak hobetzeko.

Guztion ardura da politiken norabide-aldaketa eskatzea. Pentsiodunek ere, pentsio duinaz gain, aldarrikapen askoz gehiago egin behar ditugu. Benetan bizitzak eta kolektibotasuna erdigunean jartzen dituen antolaketa soziala nahi ditugu, eta orain da momentua, krisi ekonomiko batean gaudenez, zer-nolako antolaketa ekonomikoa bultzatu nahi dugun erabakitzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide