Emakumeon* Etxearen helburu nagusia jendartearen elkarbizitza hobetzea da, harremantzeko moduak parekotasunean eta eredu bidezkoagoetan oinarrituta egon daitezen. Itxialdiak, isolamenduak, helburu horretan eragin zuzena izan du.
Gaur egun daukagun sistemak botere-harremanak eta indibidualtasuna bultzatzen ditu. Elkarren arteko lehia sustatzen du. Guk aurkakoa nahi dugu, eta pandemia iritsi arte, pixkanaka bidea egiten gindoazen. Elkar ezagutzen ari ginen, partaidetzaren bidez egitasmo berriak sortzen, taldea eta sareak eraikitzen… Denbora honetan, prozesu hori hoztu egin da. Elkartasunak ematen duen indarra falta izan zaigu, osotasun bateko kide sentitzea, eta horrek energiak mugatu dizkigu.
Hala ere, saiatu gara presente egoten. Aurretik programatuta geneuzkan ekintza batzuk egokitu ditugu, jendearekin harreman telematikoa izaten saiatu gara, eta sare sozialetako elkarrekintza indartu dugu bazkide eta jarraitzaileekin. Krisi honen ondorio guztiak ez dira negatiboak izan, eta positiboen artean, ikaskuntza aipatuko dugu, egoera eta metodologia berrietara moldatu beharrak asko irakatsi baitigu.
Ez hori bakarrik, ikusi dugu zorigaitzen aurrean, herritarrak prest egon direla ahal izan duten moduan laguntzeko. Boluntario sarea, atzoko testigantzak jasotzen duen jostunen egitasmoa, 3D makinekin maskarak inprimatu dituzten zumaiarrak. Elkartasun eta asmo on horiek azpimarratu nahi ditugu.
Azken hilabeteotan, agerian geratu dira sistemaren hutsuneak, eta mugimendu feministak aspalditik egin dituen aldarrikapenak (zaintza, osasuna, hezkuntza) zilegi direla inoiz baino argiago geratu da. Emakumeon* Etxearen helburu den harreman mota hori posible dela ere ikusi dugu, eta horren alde lanean jarraituko dugu.
Hasteko, zaintzaren gaia lantzen hasiko gara. Irailean hausnarketa-bilera ireki bat egingo dugu, zaintzarekin lotutako bizipenak, kezkak eta aldarrikapenak elkarrekin lantzeko. Urrian bazkideen arteko topaketa egingo dugu. Aditu bat etorriko da COVIDaren egoerak emakumeengan izan duen eraginaren inguruan hausnartzeko. Krisia gure bizimoduak errotik aldatzeko baliagarria izan dadin nahi dugu.
Azkenik, gogorarazi nahi dugu Etxearen proiektua irekia da, partehartzailea. Sinesten dugu aldaketa guztion artean egin behar dugula. Testu honen bitartez, irakurle oro gonbidatu nahi dugu gurekin batera bide hau egitera.