Zumaiako Futbol Taldearen Bazkideen Batzar Orokorra ospatu zen ostegunean

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Futbol Taldea 2017ko uzt. 14a, 11:29

Argazkia: Carlos Callejo

Atzo arratsaldez Zumaiako Futbol Taldeko Bazkideen Batzar Orokorra ospatu zen Brankan. Bertan, Zuzendaritza Batzordeak 2016-2017 denboraldiko balorazioa egin zuen. Futbol Eskolari dagokionez, haur kopurua (157 neska-mutil) urtez urte handitzen ari da eta 21 entrenatzailek futbolaren irakaskuntzaren kalitatea ziurtatzen dute. Gainera lehenengo aldiz benjamin mailako nesken taldea osatu da.

Bestalde, Kirol Federatuari dagokionez orokorrean denboraldia positiboa izan da. Preferente Mutilen taldea sailkapeneko erdikaldean bukatu du denboraldia, goikaldeko postuetatik oso puntu gutxira, eta Erregional Nesken taldeak ere denboraldi oso ona burutu du. Gainontzeko taldeek ere maila ona eman dute, nabarmentzekoa izanik Infantil Nesken Taldea Gipuzkoako Txapelduna izan dela. Ohorezko Kadete Neskak maila galdu izan arren, hurrengo denboraldian maila berreskuratzea izango da erronka.

Arlo ekonomikoaren kudeaketa egokia izan da berriro ere eta hirugarren urtez Zuzendaritza Batzorde honek balantze positiboa aurkeztu du.

Aipatzekoa da baita ere klubak Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunaren alde egiten ari den ahalegina, hedabideetan eta sare sozialetan emakumeen presentzia handituz, eta nola ez, euskarak duen garrantzia klubean, beti ere euskarari lehentasuna emanez.

Hurrengo denboraldiari begira, Futbol Eskolaren planifikazioa aurreratu egin da aurten, izen-emate epea ekainaren 30rako bukatuz. Berriz ere partaidetza handitu egin da (175) eta talde guztientzako entrenatzaileak eta entrenamentu ordutegiak zehaztuta ditu dagoenekoz Zumaiakok.

Federatu taldeei dagokionez, talde guztien planifikazioa lotuta dauka Zuzendaritza Batzordeak, aurten talde bat gehiago osatuko delarik (kadete mutilen bi talde osatu dira). Guztira 350 jokalari baino gehiago izango ditu Zumaiakok 2017-2018 denboraldian.

Bide batez, Zuzendaritza Batzordeak eskerrak luzatu nahi dizkio Udal Kirol Patronatuari, lan guzti hau burutzeko Zumaiakori eskaintzen dion laguntzarengatik, eta baita ere patrozinadore eta laguntzaileei.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide