ZUMBeko Ihauteriak: Dancing Night Gala

Erabiltzailearen aurpegia ZUMB 2013ko urt. 30a, 10:04

Zumaiako Udal Musika Banda 2013ko Ihauterietako prestatzen ari da. Bi izango dira jarduerak: lehenengoa, Musika Eskolak antolatutako “TXORI TXIKI ZIRKOA”rekin parte hartuko dugu Zumaiako kalean zehar kalejiran, otsailaren 8an. Arratsaldeko 6:30etan emango diogu hasiera eta gure musikarekin bat, Musika Eskolako eta Ludotekako dozenaka umek hartuko dute parte, baita guraso mordoa ere. Denok batera, Beheko Plazaraino abiatuko gara Zirkoaren magia berezia gozatzeko asmoz.Gure ekitaldi nagusia DANCING NIGHT GALA izango da. Ostiral bertan izango da, otsailaren 8an, gaueko 23:00etan hasiko da dantzaldi berezi hau, Alondegian. Horretarako waltz, pasodoblea, boleroa, mamboa… eta beste erritmo asko prestatzen ari gara, dantzan ibiltzea gustatzen zaien guzti-guztiei disfrutarazteko.

Jakin badakigu, asko direla dantza egitea gustatzen zaienak eta horiei zuzenduta prestatzen ari gara gure Dantza Gala hau.

Oraindik labean daukagu ekitaldia eta ezin dugu gauza gehiago aurreratu. Baina dantzazaleak joan daitezela zapatak garbitzen eta jantzi dotoreak prestatzen, egun gutxi barru aukera paregabea izango baitute horiek danak ateratzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide