Zumaiako Udal Musika Bandak ongi-etorria emango dio udaberriari igande honetan, eguerdiko 13:00etan, Mari kalean.
Udaberriko kontzertu honetan bandak kontraste haundiko egitaraua aukeratu du. Hasiera emateko Tercio de Quites pasodoblea eskeiniko du bandak. Pieza honen berezko helburua, zezen plazan jotzea bazen ere, hainbat pasodoblekin gertatu den moduan, kalitatezko musika bihurtu da bandako errepertorioan eta kontzertuetan eskeintzen da askotan.
Philip Sparke konposagileak idatzitako Four Norfolk Dances obrak, ipar-lurraldeetako musika herrikoia ekarriko digu gogora. Lau kanta izango dira, ipar-kutsu zirraragarria dituztenak, oso erraz entzuteko musika delarik.
Ibilbideak zarzuelaraino eramango gaitu. Baina kasu honetan hain ezaguna ez den obra bat ekarriko digu Musika Bandak adimenera: El asombro de Damasco. 1916an estreinatuta, Siriako giroa gozatu ahal izango dugu oraingo honetan. Zarzuela hau, Pablo Lunak idatzita, Las mil y una noches ipuinean oinarrituta dago eta bere garaian 100 errepresentazio baino gehiago izan zituen Madrilgo Apolo Antzokian.
Munduko beste puntaraino eramango gaitu George Gershwin-en An American in Paris, hain ezaguna eta deskriptiboa den musika hau, non oso ondo girotuta dago hiri haundi batetako giroa eta zarata: kotxeen hotsak, bozinak, e.a. Eta nola ez horren garrantzitsu eta maila haundikoa den tronpetaren solo ikaragarria ere.
Bukatzeko Ray Charles famatuaren zenbait abesti izango ditugu entzungai, Hit the road Jack edo Unchain muy Heart besteak beste.
Hau dena, igandean, Mari kalean.