Espainiako banderaren auzia

Baleike 2012ko abenduaren 5a

Zumaiako Udalak prentsa oharra zabaldu du Espainiako banderaren auziaz. Hemen irakur dezakezue:Aurtengo apirilaren 20an heldu zen EAEen Espainiako Gobernuko delegatua den Carlos Urkijoren gutuna udaletxera. Gutun horren bidez, jakinarazten zen 1981ean onartutako Banderen legearen arabera, udaletxeak Espainiako bandera jartzeko hilabeteko epea zuela. Izan ere, lege horren arabera, Espainiako Estatuko administrazio eraikin guztietan egon behar du bandera espainiarra; bai kanpoaldean, bai barrualdean.

Zehaztutako hilabeteko epe horretan, Zumaiako Udalak ez zuen ezer egin gai horren inguruan, eta ekainean, estatuko administrazio orokorrak demanda bat jarri zion Udalari ezer egin ez zuelako. Uztailean, epaitegiak espedientea bidaltzeko eskaera egin zion. Zumaiako Udalak eskatu bezala bidali zuen espedientea. Eta demandari erantzuna ere eman zitzaion.

Ondoren, estatuko administrazioak alkatearen testigantza jasotzea eskatu zuen, baina epaileak atzera bota zuen eskaera hori. Orain, epailearen ondorioen zain dago auzia.

Udal gobernuak auzia ahal den bitartean errekurritzen jarraituko du, eta Espainiako gobernuari Euskal Herriaren izatea aitortu eta erabakitzeko eskubidea errespetatu dezala exijitzen dio.

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide