Xabier Dominguezena bertsorik onena

Baleike 2013ko urtarrilaren 15a

Aurten ere bertso mordoxka bildu ditu Bertso Eskolak Bota bertso bat lehiaketako kaxa gorrietan, gaitzat Iritsi da hartuta. Beste urte batzuetan finalisten artean geratu eta gero, oraingoan sari nagusia irabazi du Xabier Dominguez Piru-k, hau da, afaria bi lagunentzat Talaipe jatetxean. Bertso aipagarrien egileak, berriz, Ander Urbieta Txuli eta Xan-Bi izan dira. Hemen daukazue aurtengo bertso onentsuenen bilduma:

Bota bertso bat bilduma

Irabazlea

Doinua: Aizak hi mutil mainontzi

Lege berriak ugari

estutasuna nabari

garai gogor bat iritsi da ta

geu gaitu janari

atzo milioka eskari

aurrezki kutxen opari

gaur ostatua eskatu diot

etxean amari.

PIRU

Aipagarriak

Doinua: Betroiarena

Iritsi da garaia

krisiaz ahazteko

semeekin margotu

ta jolasteko

amatxo asko maite

zaitut esateko

neska gerritik heldu

eta dantzatzeko

dutxan kantatzeko

elkar laguntzeko

parre egiteko

negarrak tarteko

Bizitza hori dela

konturatzeko (bis)

Ander Urbieta "TXULI"

Doinua: Motibo bat nigana

Egokia diagu

aurtengoan gaia

iritsi omen zaiguk

laneko garaia

eskatu zak papera

hemen zegok mahaia

hik bertsoa asmatu

ni idazten saia

ona egiten badek

biontzat afaia

Xan-Bi

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide