Pulpoko kadeteek Euskadiko Eskubaloi Txapelketa jokatuko dute asteburuan Zumaian

Baleike 2013ko apirilaren 12a

Pulpoko kadeteek denboraldi bikaina osatu dute, Euskal Ligan jokatutako partida guztiak irabaziz. Horri esker, gaurtik aurrera Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Zumaian. Denboraldiko lau talde onenak izango dira aurrez aurre, lauko ligaxkan. Gaur, ostirala, jokatuko da lehenengo jardunaldia. Pulpok Indautxuko Loiolaren kontra jokatuko du (19:45ean); beste partidan Euskaldunak eta Eibarrek jokatuko dute.Larunbatean Eibar Eskubaloia izango dute aurkari (18:00etan) eta azken jardunaldian Euskalduna (12:45ean). Euskadiko txapelduna erabakitzeaz gain, Espainiako Txapelketan parte hartzeko hiru postu daude jokoan.

Bestalde, gizonezkoen talde nagusiak, Bigara Pulpok, garaipen garrantzitsua lortu zuen joan den jardunaldian Salamankaren aurka (28-25). Pulpok bere Ibon Sasiain goleatzailea gabe jokatu behar izan zuen ia partida osoa, epaileek txartel gorriarekin kaletatu baitzuten. Hala ere, Pulpok kontrolpean izan zuen partida. Atsedenaldira 18-13 iritsi ziren, zumaiarrak aurretik. Eta bigarren zatian 23-14 ere aurreratu ziren. Hala ere, azken minutuetan Salamankak hortzak estutu eta markagailuan hurbiltzea lortu zuten, baina alferrik. Pulporentzat izan ziren bi puntuak, 28-25 irabazita. Aipatzekoa da Julen Yeregi gaztearen partida, bederatzi golekin.

Pulpon jokatu zuten: Manterola, Beristain (2), Ibon Sasiain (1), Aizpurua, Gutiérrez (4), Yeregi (9), Mikel Arrieta (6), Ballesteros (1), Alkorta (1), Larburu (3), Manex, Ulacia (1), Iosu Arrieta y Lizeaga.

Asteburu honetan Eibarren jokatuko dute. Partida zaila, eibartarrak hirugarren postuan baitaude sailkapenean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide