Zumaiako Txirrindulari Eskolako ziklistek maila oso ona erakutsi zuten aurreko larunbaten Aizarnazabalen jokatutako infantil eta alebin mailako lasterketetan. Bero handia egin arren, etxean lanerako gertu eta aurpegia emanez Oier Unanuek denboraldiko lehen garaipena lortu zuen, alebin mailan. Aizarnazabalgo ibilbidea ez da erabat laua eta bertako maldatxoan dohainak dituela erakutsi zuen lasterketa irabaziz.
Unai Sasiain ere bikain moldatu zen eta ohorezko 5. postua eskuratu zuen. Anton Tolosa eta Mattin Etxanizek ere top-10ean sartzea lortu zuten: Tolosa 9.a izan zen eta Etxaniz 10.a. Nesketan berriz Naia Urbietak mutilen artean lehiatu eta ondo defendatu zuen berea; lasterketa gogor eta bikain baten ondoren beste garaipen bat eskuratu zuen.
Infantiletan, Eider Manzisidor aurrena zihoala erori egin zen eta ezin izan zuen lasterketa bukatu; mutiletan Gaizka Gurrutxaga Aizarnazabalgoak 7. amaitu zuen eta Peio Etxabe 10.a izan zen.
Infantilek eta Alebinek Donostiako Ibaeta auzoan izango dute larunbat honetan euren lasterketa.
Kadeteei dagokienez ez zen asteburua ona izan. Gaztetxoak torneoko lasterketetan, 2. urtekoen artean Joan Agirre da ondoen dabilena eta zulatu batek jokoz kanpo utzi zuen igandean Zarautzen.
Jubenilek euren karrera Deban izan zuten: 80 km, Itziar bi aldeetatik eta Kalbario amaieran. Erritmo bortitza izan zen hasieratik lasterketan eta lehenengo kilometroetan jada ihesaldia gorpuztu zen; mailako txirrindularirik onenak sartu ziren ihesaldian eta horien artean Viveros San Antongo Aitor Olaziregi zegoen. Zumaiarrak kemena eta buru azkartasuna ere izan zuen ihesaldi onean sartzeko. 13 ziklistek osatu zuten ihesaldia eta sententzia Kalbariok eman zuen. Debako helmugan Aitor Olaziregik 9. amaitu zuen. Taldeko Ibon Egaña, Haritz Eizagirre, Gorka Etxabek eta Mikel Santxezek ere lasterketa bukatzea lortu zuten.
Lasterketek aurrera egin ahala pedal kolpe hobeaz dabiltza Viveros San Antongo txirrindulariak. Ibilbide gorabeheratsua izan arren, bataz besteko abiadura orduko 41,3 kilometrokoa izan zen.
Larunbat honetan Zegaman dute juniorrek lasterketa, non Liernia bi aldiz eta Barbaris gainditu beharko dituzten helmugaratu aurretik. Eta lasterketa hori izango da Gipuzkoako Klasika handiaren atarikoa. Indarrak probatzeko aukera ezin hobea.