Edukiontziak txartel elektronikoarekin

Baleike 2013ko apirilaren 24a

Apirileko Baleike aldizkaria aurreratu zigun Zero Zaborreko kide Mendigaña Gorostiagak beraien proposamena. Pasarte honetan daukazue azalpena:Hondakinen mahaian norbaitek egin badu ahalegin berritzailea adostasuna bilatze aldera, hori Zero Zabor taldea izan da. Mahaiko gainontzeko kideek ere aitortuko dute. Atez ateko sistema defenditzen duten arren, bi aldeek jarritako marra gorriak aintzat hartuta, denak eroso sentiarazi ditzakeen sistema bat proposatu du: edukiontzi adimendunak.

Mendigaña Gorostiaga (Zero Zabor): “Ikusten genituen marra gorriak eta adostasun batzuk. Marra gorriak, alde batetik, zintzilikarioak eta ordutegiak dira; besteonak ziren, batez ere, bilketaren tasa: %80 edo gehiago. Gure iritziz, hondakinen arazoari konponbidea emateko gaikako bilketa egin behar da, eta denok egin behar dugu. Zentzu horretan, adostasuna bazegoen kontrolaren beharraren gainean; EAJk ere onartzen du hondakinen bilketa kontrolatua izan behar duela. Hori guztia hartuta, saiatu ginen bilketa sistema bat proposatzen, guztion onarpena ekarriko lukeena: zintzilikariorik gabea, ordutegirik gabea; baina, era berean, derrigortasuna eta kontrola emango dizkiguna. Ibili ginen hamaika kontu ikusten eta edukiontzi elektronikoetara iritsi ginen". [...]

Sistemaren oinarria hau da: Alde batetik, irekitze sistema pertsonalizatua daukaten edukiontziak. Erabiltzaile bakoitzak txartel elektroniko pertsonalizatua dauka, eta edukiontzia zabaltzen duenean erregistratuta gelditzen da nork zabaldu duen eta zer ordutan. Gainera, sistemak aukera ematen du irekitzeko baimena kontrolatzeko: nork ireki dezakeen, zein egunetan, zein ordutan… Beraz, joko handia ematen du kontrol neurriak ezartzeko.

Bestetik, erabiltzaile bakoitzak kode-barra pertsonalizatua daukaten poltsak erabiliko ditu, arazoren bat egonez gero, hondakinak gaizki sailkatuz gero, erabiltzailea identifikatu ahal izateko. Poltsa horiek eskuratzeko makinak jarriko lirateke (txartelaren bitartez eskuratzeko moduan).

Oinarrian, kontrolerako aukera ematen duten edukiontziak dira. Erabaki beharko litzateke edukiontzi guztiek behar ote duten horrelako sistema, eta sistemaren kostua ere aztertzeko dago. Gaur egun, inon ez dago sistema hau bere osotasunean jarrita, baina Lazkaon eta Itsasondon erabili da teknologia hau edukiontzi jakin batzuetarako. Zero Zaborrek planteatzen duena da sistema osoa oinarritzea teknologia horretan.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide