Ezin izan diote Bartzelonari irabazi

Baleike 2013ko maiatzaren 11

34-39 bukatu da partida eta multzoko lehenak izateko ia aukera guztiak galdu dituzte.

Emozioz eta tentsioz beteriko arratsaldea pasa dute Lubaki kiroldegian elkartu den jende andanak. Herriko mutilek Bartzelona talde nagusiaren aurka jokatzen zuten eta inork ezin zuen partida garrantzitsu hau galdu. Horren isla izan dira harmailak. Ehunka pertsona izan dira hasieratik etxeko koadrila animatzen.

Jokalari guztiak sasoi onean eta ilusioarekin atera dira pistara. Hasieratik partida borrokatzera eta ahalik eta gol gehien sartzera ekin diote. Beldurrik gabe eta konfiantzaz, pixkanaka markagailuan aldea ateratzen hasi dira. Zazpi goleko errenta atera dute; 16-9. Gutxi falta zen lehenengo zatia amaitzeko eta Bartzelonak aldea gutxitzea lortu du. Azkenean 17-14ko emaitzarekin bukatu da lehen zatia.

Bigarren zatia oso antzeko hasi da. Hasieratik Pulpoko mutilak partida haustera atera dira. Golak sartu dituzte eta harmailetan ilusioa eta animoak oraindik eta gehiago hazi dira. Baina Bartzelonako taldeak jokalari oso onak, handiak eta sendoak ditu eta pixkanaka euren jokoa egiten hasi dira. Azken ordu laurdenean zumaiarrei aldiz ahultasuna eta ezintasuna nabaritu zaie. Nekea eta batzuetan zorte txarra ere, faktore garrantzitsuak izan dira bukaerako emaitzan.

Soilik 5 gol izan dira. Eskubaloiko partida baterako huskeria da errenta hori. Are gehiago kataluniarren aurka. Borrokatu dute, ezin zaie hori uka. Aspaldiko betekadarik handiena izan du herriko kiroldegiak. Ilusioa berpiztu dute Zumaian eta eskertu beharrekoa da. Beraiek partida amaieran ikusleei eskertu dien bezala.

Oraindik ez da guztia galdu. Bihar goizeko 10:00etan Bartzelonak Calasancioaren aurka jokatuko du. Kataluniarrek irabazi ezkero, beraiek joango dira Espainiako Txapelketako hurrengo fasera. Baina oraindik ikusteke dago.

Zumaiarrek Anaitasuna hartuko dute 12:00etatik aurrera. Bartzelonak galdu eta Pulpok irabazi ezkero, aldeko golek erabakiko dute zein pasako den hurrengo fasera.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide