Gaurko partida irabazi badute ere, ez da nahikoa izan

Baleike 2013ko maiatzaren 12a

Pulpoko mutilek Anaitasuna talde nafarraren aurka 32-21eko emaitza lortu dute baina Bartzelonak aurretik 56-17 irabazi dio Calasanciori.

Azkenean ametsa ez da egi bihurtu. Atzoko partida ikusgarriaren ondoren, Pulpok irabaztea beste helbururik ez zuen oraindik multzoko lehena izateko. Ongi bete dituzte etxeko lanak. Nafarrei 11 goleko aldea atera diete baina aurretik Bartzelonak bere partida irabazita, multzoko lehen postua ziurtatu dute. Hots, hurrengo fasea jokatzeko txartela beraiek eskuratu dute.

Atzo arratsaldean dena eman zuten herriko mutilek. Hustu egin ziren, eta hurrengo fasera pasatzeko ia aukera guztiak galdu arren, gaur beste garaipen bat lortu nahi zuten. Amaiera gozoarekin bukatu nahi izan dute eta halaxe gertatu da. Partida nahiko parekatua, batez ere Eneko Tena atezainaren lana paregabea izan da. Geldiketa bikainak egin ditu. Azkenean, etxekoek irabazi dute baina sailkapeneko bigarren postuarekin konformatu behar izan dute.

Amaieran sari banaketa izan da. Laugarren postuan Errioxako Calasancio geratu da eta hirugarren aldiz Anaitasuna. Zumaiarrak bigarren amaitu dute eta irabazleak kataluniarrak izan dira. Pablo Gutierrez entrenatzaileak adierazi digu pena bat izan dela. “Gure faseko multzoan Bartzelonaren aurka ez bagenu izan beharbada hurrengo fasera sailkatzeko aukera handiagoak izango genituen baina… zer egingo diogu ba, halaxe gertatu da”. Andres Torriko ordezkariak ere gauza bera aipatu digu: “Atzo borrokatu genuen eta hortxe izan genuen garaipena ere, baina Bartzelonak oso jokalari onak ditu eta ezin izan genuen eutsi. Pena izan da, gainera herritarren erantzuna hain ona izanda…”.

Jokalari onenaren saria herrian geratu da behinik behin; Kauldi Odriozolak eraman du hori adierazten duen txapela. Gaurko partida jokatu ez badu ere, atzo erakutsi zuen kalitatea, segurtasuna, indarra eta abilezia nahikoak izan dira izendapena irabazteko.

Zorionak guztioi! Ahal izatea nahi izatea da!

Azken partida honetako jokalariak hauek izan dira: Xabier Aranzabal, Iñigo Garaizabal (5), Gorka Iribar (1), David Hernandez, Ander Torriko (10), Ander Olaizola (4), Iñigo Alday (5), Eneko Tena, Manu Centeno, Koldo Errasti, Mikel Martinez (2). Iñigo Arakistain (1), Iker Lopez (1), Ander Eizagirre (1), Ignacio Amundarain eta Paulo Gontain (1). Entrenatzaileak: Pablo Gutierrez eta Xabier Centeno eta ordezkariak: Andres Torriko eta Denis Elola.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide