Euskal Kostaldearen Geoparkean abiatuko da larunbatean Europar Geoparkeen Astea

Baleike 2013ko maiatzaren 14a

Maiatzaren 18tik ekainaren 9ra bitartean burutuko da Euskal Kostaldeko Geoparkean  Europar Geoparkeen Astearen III. edizioa. Helburu nagusia da bertako ondare natural, geologiko eta kulturala herritarrei gerturatzea eta horretarako era askotariko jarduerak egingo dira egun horietan Deba, Mutriku eta Zumaian.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak -2010ean Geoparke izendatua eta harez geroztik Europako zein munduko Geoparkeen Sarean integratua- maiatzaren 18tik ekainaren 9ra bitartean ospatuko du Europar Geoparkeen Astea 2013. Hirugarren urtez burutuko da ekimena espazio natural honetan. Helburua bertako ondare natural, geologiko eta kultural baliotsua herritarrei, eta bereziki Deba, Mutriku eta Zumaiako biztanleei, gerturatzea da. Horretarako, hamaika jarduera antolatu dira Geoparkea osatzen duten hiru herrietan, hala nola, hitzaldiak, umeentzako tailerrak, doako bisita gidatuak eta bestelako ekitaldiak.

Gaur, maiatzak 14, aurkeztu da egitaraua Debako Udaletxean. Ekitaldian parte hartu dute Debako Alkateak, Maider Zubikarai, Mutrikuko Alkate Joseba Palenzuelak, Leire Barriuso Geoparkeko Gerenteak eta Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak.

Geoparkeak dagoeneko 8.000 triptiko baino gehiago bidali ditu hiru herrietako etxe guztietara Europar Geoparkeen Astearen egitarauaren berri emanez, eta herritarrei, haur, gazte zein helduei, parte hartzera gonbidatuz.

Geoparkearen Astea Europako Geoparke guztietan ospatzen da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondarea herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

Askotariko jarduerak

Aurten berrikuntzetako bat “Nortzuk izan ginen eta nortzuk gara” izeneko ekimena izango da. Ekitaldi honek emango dio hasiera egitarauari eta hiru herrietan burutuko da, egun desberdinetan. Ekimen honen bidez, Geoparkeko hiru herrietako euskarazko ahozko ondarea ezagutarazteaz gainera, bertako euskaldun zaharrek oraintsu arte izan dituzten ohitura eta bizimodua erakutsi nahi da. Horretarako, Deba, Mutriku eta Zumaiako biztanleen euskarazko testigantzak jaso dira 3 bideotan. Proieku hau Euskal Kostaldeko Geoparkeak bultzatu du Badihardugu Euskara Elkartearen laguntzarekin, ‘Ahotsak’ ekimenaren baitan. 3 bideo hauek ‘Itsasoa’, ‘Ohitura eta sinesmenak’ eta ‘Nortasuna’ gaiak jorratzen dituzte. Aurkezpenak hiru herrietan egingo dira:

  • Mutrikun, maiatzaren 18an, 22:00etan, Arantza Ugartek aukeztuko duen ekitaldian. Bertan parte hartuko dute Anaiarte Abesbatzak eta Gure Ametsa Dantza Taldeak.

  • Maiatzaren 29an, Zumaiako Alondegian, 19:00etan, Jon Maia bertsolariak aurkeztuta.

  • Deban, ekainaren 7an, 19:00etan, Agirre Jauregian.

Bestalde, Nautilus Ikasgune Geologikoak Ate Irekien Jardunaldia egingo du maiatzaren 25ean, Mutrikuko historia geologikoa ezagutzera eman asmoz. Jardunaldia egun osoz luzatuko da (10:00 – 14:00 y 16:00 – 19:00). Gainera, egun berean, 12:00etan, “Mutrikuko flysch beltza. 110 milioi urteko historia” liburuaren aurkezpena egingo da Nautilus-en bertan. Han izango dira Jesus Mari Narvaez, Nautilus-eko fosil bildumaren jabea eta urteetan zehar fosil ikusgarri hauek labarretatik erreskatatu dituen pertsona, bere emazte Espe Azkarragarekin batera, eta Jose Angel Torres Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta liburuaren idazlea.

Hitzaldiak ere izango dira Geoparkearen Astean, adituen eskutik. Nabarmentzekoa da Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroak maiatzaren 28an hartuko duen hitzaldia, Jose Antonio Arz Zaragozako Unibertsitateko irakaslearen eskutik. 20 urte baino gehiago eman ditu Arz irakasleak K/T muga munduan zehar bilatzen. “Zumaiatik Mexikora: dinosauruen desagerpenaren gakoak” izenburupean, hitzaldia 19:00etan hasiko da. Hitzaldi honetan, Arz irakasleak meteorito erraldoiaren talka frogatzen duten frogak erakutsiko dizkigu mundu guztiko azaleramenduetan zehar. Dinosauruen desagerpena era ulergarri batean ezaguzteko aukera paregabea izango da. Bestalde, Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak, Asier Hilariok, Geoparkeko interesgune geologikoei buruzko bi hitzaldi eskainiko ditu Deban eta Zumaian. Ezinbesteko hitzordua izango da Geoparkeko geologia ezagutu nahi duten guztientzat. Hitzaldi hauen guztien edukia dibulgatiboa izango da, publiko zabalari zuzenduta.

Geoparkeak dituen balioen zabalkundea eta heziketa sustatze aldera, maiatzaren 31an umeentzako tailer geologikoak egingo dira kalean, Deban, Mutrikun eta Zumaian aldi berean, 18:00etatik aurrera.

Gainera, aurten ere doako bisita gidatuak egingo dira. Bisitariek zientzia, natura eta kultura uztartzen dituzten ibilaldiak egin ahal izango dituzte, doan, gida-adituen laguntzarekin. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute hiru herrietako turismo bulegoen bitartez. Plazak mugatuak dira.

Geoparkearen Asteko egitarau osoa www.geoparkea.com atarian kontsultatu daiteke, baita deskargatu ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide