Heldu eta haurrentzako antzezlan bana izango da asteburu honetan Aita Mari zinean. Gaur 'Bejondaigula!' komedia izango da, 22:00etan, eta igandean, 12:00etan, 'Maddi pirata'.
'Bejondaigula!' Carles Alberolak idatzi eta zuzendutako komedia bat da eta Ramon Agirre eta Niko Lizeaga ditu aktore lanetan. Sarrerak aurrez erosi daitezke turismo bulegoan, 9 euroan (6 euroan gazte txartela izanda).
Alberola berak zera dio bere antzezlanari buruz: "Ez dakigu zer daukagun, galtzen dugun arte. Baina, ezer ez baldin badaukagu, nola galduko dugu? Eta, hori baino okerragoa, nola jakingo dugu ez daukaguna galdu dugula? Askotan ikusten dugu gure bizimodua igarotzen, bizitzea egokitu zaiguna onartu gabe eta protagonistak izaten ausartu gabe. Lokartuta bezala gaude. Gure iraungitze-data idatzita ikusten dugunean, orduan erreakzionatzen dugu eta ulertzen dugu honen guztiaren nondik-norakoa. Gil de Biedma maisuak zioen bezala: «Bizitza benetako zerbait zela geroago hasten da bat ulertzen». Beranduegi, gehienetan. Bejondaigula!"
Igandean, berriz, haurrentzako saioa izango da 'Maddi pirata' antzezlanarekin. Sarrerak 3 euroan daude salgai turismo bulegoan. Maddi kostaldeko neska alai bat zen eta bere familiarekin oso pozik bizi zen, baina egun batean Miss Cauliflower erregina zitala gaiztakeriak egiten, Txerriface kapitainaren laguntzaz, dirua lapurtzen eta guztien bizitza izorratzen hasi zen. Asko zen jokoan zegoena: Maddiren ametsak, bere ohiturak, azken finean bere herriaren askatasuna. Honen aurrean Maddik erabaki sakon bat hartu behar izan zuen: pirata bihurtzea!".