Ekainaren 9ra bitartean Europar Geoparkeen Astea ari da burutzen Euskal Kostaldeko Geoparkean. Helburu nagusia bertako ondare natural, geologiko eta kulturala herritarrei gerturatzea da. Geoparkearen Astea Europako Geoparke guztietan ospatzen da aldi berean. Ekimenaren baitan, Jose Antonio Arzek dinosauruen desagerpenaren inguruko hitzaldia emango du gaur Algorri zentroan.
Jose Antonio Arzek, Zaragozako Unibertsitateko irakasleak, 20 urte baino gehiago eman ditu K/T muga munduan zehar bilatzen. 'Zumaiatik Mexikora: dinosauruen desagerpenaren gakoak' izenburupean, hitzaldia 19:00etan hasiko da. Hitzaldi honetan, Arz irakasleak meteorito erraldoiaren talka frogatzen duten frogak erakutsiko dizkigu mundu guztiko azaleramenduetan zehar. Dinosauruen desagerpena era ulergarri batean ezaguzteko aukera paregabea izango da. Hitzaldiaren edukia dibulgatiboa izango da, publiko zabalari zuzenduta.
Bestalde, Geoparkeko Zuzendari Zientifikoak, Asier Hilariok, Geoparkeko interesgune geologikoei buruzko hitzaldiak eskainiko du Zumaian. Geoparkeko geologia ezagutu nahi duten guztientzat interesgarria izango da. Hitzaldia ekainaren 4an izango da, Algorri Interpretazio Zentroan, 19:00etan.
Asteazkenean, maiatzak 29, 'Nortzuk izan ginen eta nortzuk gara' ekimena egingo da Zumaian, Jon Maia bertsolari zumaiarraren partaidetzarekin. Ekimen honen bidez, Geoparkeko hiru herrietako euskarazko ahozko ondarea ezagutarazteaz gainera, bertako euskaldun zaharrek oraintsu arte izan dituzten ohitura eta bizimodua erakutsi nahi da. Horretarako, Deba, Mutriku eta Zumaiako biztanleen euskarazko testigantzak jaso dira hiru bideotan. Proieku hau Euskal Kostaldeko Geoparkeak bultzatu du Badihardugu Euskara Elkartearen laguntzarekin, ‘Ahotsak’ ekimenaren baitan. Hiru bideo hauek ‘Itsasoa’, ‘Ohitura eta sinesmenak’ eta ‘Nortasuna’ gaiak jorratzen dituzte.
Gainera, maiatzaren 31an, umeentzako tailer geologikoak egingo dira kalean, Deban, Mutrikun eta Zumaian aldi berean, 18:00etatik aurrera, Geoparkeak dituen balioen zabalkundea eta heziketa sustatze aldera.