Gaur eguerdian zozkatu dira Ardantzabideko promozioko prezio itundutako 32 etxebizitzak. Promozio hau frontoi luzearekin lotuta doa eta etxebizitzak eta pilotalekua egingo duen Sukia enpresaren ordezkariak azaldu duenez, lanak "urte bukaera baino lehen, udazkenean, hastea" aurreikusten du.
80 izan dira apirilaren amaierara bitartean izena emandako pertsonak, eta hauetatik 55 izan dira baldintzak bete dituztenak eta bi kutxetan sartu direnak. Lehen kutxan 47 zumaiarren izenak sartu dira; bigarren kutxan 8 kanpotarrenak. Zumaiako bizilagunek lehentasuna zutenez, izen hauek atera dira lehenengo, eta gero kanpotarren txanda izan da. Zozketa notarioaren aurrean egin da. Izenekin, zozketan ateratako ordenean, zerrenda bat osatu da, eta zerrenda horren arabera egingo dira elkarrizketak Sukia enpresak Etxezarreta kalean zabaldu duen bulegoan.
Ostiralean hasiko dira elkarrizketak eta etxebizitza aukeratzea izango dute bertan. Etxea erosteko finantziazioa beharko balute, Sukia Rural Kutxarekin akordio batera heldu da finantziazio hori gauzatzeko. Hala adierazi dute Sukiako eta Rural Kutxako ordezkariek Udaleko pleno aretoan egin den zozketan.
Iñaki Agirrezabalaga alkateak gogoratu du lanak egiten hasi aurretik, salmenta kopuru bat ziurtatu behar dela. Hori hala izanda, Sukiako arduradunek adierazi dute lanak "urtea amaitu baino lehen, udazkenean" hastea espero dutela. Ardantzabideko promozioko lanak hasteak Sagarbiderako aurreikusita dagoen frontoia egitea suposatzen du. Beraz, azken orduko arazorik ez bada, urtea bukatu baino lehen hasiko lirateke frontoi berria egiteko lanak.