Geoparkeko interesgune geologikoei buruzko hitzaldia izango da, gaur, Algorrin

Baleike 2013ko ekainaren 4a

Europako Geoparkeen Asteko egitarauaren baitan, Euskal Kostaldeko Geoparkearen zuzendari zientifikoa den Asier Hilariok Geoparkeko interesgune geologikoen inguruko hitzaldia emango du, gaur, 19:00etatik aurrera, Zumaiako Algorri interpretazio zentroan.

Hilarioren esanetan, inbentarioa da ondare geologikoa kudeatzeko ezin bestean egin behar den lehen pausoa, eta Euskal Kostaldeko Geoparkean egin den inbentarioan 54 interesgune atera dira, Geoparkeko geologiaren adierazle.

Inbentario hori gauzatzeko osatu zen lan taldea unibertsitate munduko sei adituk eta Asier Hilario berak osatu dute. Metodologia lantzeko IGME (Instituto Geológico y Minero de España) erakundeko adituak ere aritu dira.

Zuzendari zientifikoaren ustetan, «Inbentarioa ezagutzea gure geologia ezagutzeko modurik errezena eta erakargarriena da. Interesgune bereziak non kokatzen diren ikusten da eta guztien artean ikuspegi zabal bat jasotzen du entzuleak».

Geoparkeko geologia Zumaiako flysch-a eta KT muga baino askoz gehiago dela azpimarratzen du Hilariok: «itsasadarrak, hondartza mota ezberdinak, lurjausiak, arroka bolkanikoak, lurrikaren sedimentuak, fosil ikusgarriak, kobazuloak, dolinak eta poljeak, koralezko arrezife fosilak...»

Hori guztia ondo ulertzeko parada ezin hobea izango da gaurko aurkezpena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide