Udalak gasa eta zuntz optikoa eramango ditu Narruondoraino

Baleike 2013ko ekainaren 4a

 

Zumaia eta Arroa lotuko dituen bidegorriaren lanak udazken honetan berreskuratuko direla aurreikusten da. Lan hauek Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatuko ditu. Bidegorria egitearen lanak gasa eta zuntz optikoa Narruondora eramatea ahalbidetzen dute eta horren kostua Zumaiako Udalak estaliko du.

Gaur egun, Txikierdiko biribilgunean amaitzen da Zumaiatik Arroara joatekoa den bidegorria. Zati hori Foru Aldundiaren esku geratu zen, baina krisiak eragindako estutasun ekonomikoak medio, urte batzuetan atzeratu da lanen hasiera. Badirudi, eta hala aurreikusten du Udalak, bidegorria luzatzeko lanak udazken honetan hasiko direla.

Bidegorriaren lanez baliatu da Udala gasa eta Euskaltelen zuntz optikoa Narruondo auzora eramateko. Foru Aldundiak hala eskatuta, Zumaiako Udalak ordainduko ditu zerbitzu Hauek Narruondoraino eramateko lanak.

Kostua 189.000 eurokoa izango da. Hauetatik 85.000 2013ko ekitaldian sartuko dira kreditu aldaketa bezala eta beste 104.000 2014koan konpromisozko kreditu bezala. Erabakia aho-batez hartu zen pasa den asteko Udal Plenoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide