Olasagasti eta Aizpuruak irabazi dute esku pilota txapelketa herrikoia

Baleike 2013ko uztailaren 1a

Zumaiako XV. esku pilota txapelketa herrikoiaren azken partida jokatu ziren ostiral arratsaldean Odietan pilotalekuan.

Honako emaitza hauek izan ziren:

 

3. eta 4. postuak erabakitzeko: Salaberria – Oliveira, 21; Odriozola-Alkorta, 22.

Finala: Iribar-Ruiz, 17; Olasagasti-Aizpurua, 22.

Lehenengo norgehiagokan ondo jokatutako ia ordubeteko partida ikustea suertatu zitzaien Odietara hurreratu zirenei, eta 21. tantoan berdintzera iritsi ondoren Mikel Odriozola eta Jon Alkortaren aldera erori zen 22.a. Gerriko urdineko aurrelari Txokolatek ondo jokatutako tanto bat burutu zuen; hirutan atzera luzatuz pilota eta laugarrenean txapagain luze bat bi aurkarien erdira ezker paretera arrimatuaz. Ondo merezitako txalo zorta eder batekin agurtuak izan ziren lau pilotariak, kopuru handiz frontoira inguratutako pilotazaleen aldetik.

Txapelak jokoan zeuden norgehiagoka oso erritmo bizian jokatutakoa izan zen eta tanto apartak ikusteko aukera ere izan zen. Abiadura edo erritmo bizi horren eraginez behar bada, akats gehiegi egin zuen txapelak jazteko Iribar-Ruiz bikote gerriko gorridunak, eta nahiz eta galdutako zenbait tantotan ere jokoaren ekimen edo iniziatiba heurena izan, azkenean tantoak margailu urdinari zegokion Olasagasti-Aizpurua bikotearen aldera erortzen ziren, oso seguru biak eta partida on bat jokatuz, defentsa lanetan batik-bat.

Pilotari onenaren saria Aitor Aizpurua txapeldun atzelariarentzat izan zen, azken urtetan zehar gorakada nabarmen bat egin duen pilotaria, bere ziurtasun eta joko konstantzia hausteko asko edo ondo jokatu behar delarik.

Ohiko sari ematearekin eta pilotari eta antolatzaileen artean egindako afariarekin eman genion aurteko jardunaldiari amaiera, bigarren aldiz aurtengoarekin Odietan, eguraldia lagun izan denean noski, eta oso sentsazio edo aho gusto politarekin jokatu eta amaitua, bai pilotari eta baita ere ikustera urreratu diren pilotazaleen aldetik.

Azken bi alderdi hauetan oinharrituaz eskerrak ematen dizkie Zumaiako Kirol Elkarteak herriko Udalari, pilotariei eta baita ere ikustera joandako pilotazaleei, "datorren urtean ere jarraipena izango duen esperantzarekin, nobedaderen bat ere egon daitekelarik joku modalitateari dagokionez".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide