Munduko Bodyboard Zirkuitua Europara (Sintra, Portugal) iritsi dela aprobetxatu dute Alex Odriozolak eta Xabi Urrestillak munduko onenekin indarrak neurtzeko. Haiekin batera, noski, ez da faltako Alex Uranga, munduko zerrendako hamargarrena.Martxan da dagoeneko Sintrako txapelketa. Angelo Freda venezuelarra eta Dino Carmo portugaldarra izan ditu txandako lehiakide Alex Odriozolak, eta, tamalez, txandako azkena gelditu da. Xabi Urrestillak, aldiz, lehen txanda gainditu du. Bigarren postuan sailkatu da, Filipo Cabrela portugaldarraren atzetik eta Youssef Lemeaddel marokoarraren eta Yiber Sierra venezuelarraren aurretik. Bigarren txandan, baina, azken postuan sailkatu da eta hortxe amaitu da txapelketa beretzat.
Alex Uranga oraindik ez da lehiatzen hasi, laugarren txandan sartuko baita. Orain arte jokatu diren munduko zirkuituko lau probetako sailkapenak kontuan hartuta, hamargarren postuan dago Alex, batik bat Australiako laugarren postuak eman zizkion puntuei esker. Iaz Sintran finalaurrekoetaraino iritsi zen eta emaitza hark bultzada handia eman zion mailari eusteko.
Txapelketa zuzenean jarrai dezakezue hemen: sintra 2013