Kontxa irabazteko faboritoa da Zumaia

Baleike 2013ko abuztuaren 29a

Emakumezkoen estropadan ez da ezustekorik egon eta Zumaia izan da onena, aurkariei alde handia ateraz. Hibaika, San Juan eta Mecos izango ditu aurkari banderaren lehian –lehen estropada igandean, 11:00etan– Gizonezkoetan, hamalaugarren postuan sailkatu da Telmo Deun, mailari eusteko kanporaketan aurkari izango dituenengandik oso gertu. Gizonezkoetan Portugalete –Iurgi Iruretagoiena arraunlaria eta Joseba Sesma prestatzaile fisikoa daude bertan– izan da onena, Orio, Kaiku, Urdaibai, Hondarribia, San Pedro eta Tiranen aurretik. Argazki bilduma komentatua gehitu diogu albisteari –komentarioak irakurtzeko joan bildumara–.

Zumaiak denboraldi osoan erakutsi duen nagusitasunarekin zalantza gutxi zegoen emakumezkoen sailkatze estropadari begira, baina horrelakoetan faboritoak izaten du dena galtzeko, ezustekoaren bat tarteko. Zorionez, ez da halakorik gertatu. Zumaia Salegi nagusi izan da, beste behin, Hibaika, San Juan eta Galiziako Mecosen aurretik. Galiziarrek propio Kontxarako osatu duten taldearen mailarekin zeuden zalantzak, baina gaur ikusi ez dela aurreko urteetako Galizia. Lehen urratsa egina dago. Orain bi igandeetan eutsi behar zaio mailari. Hala egiten badute, Zumaia da Kontxa irabazteko faboritoa.

Gizonezkoen kasuan, beste batzuk dira helburuak. Kontxan sartzeko zazpi txartelak oso garesti daude gaur egun, eta burua mailari eusteko kanporaketan daukate jarria. Kanporaketan aurkari izango dituztenekin indarrak neurtzeko aukera polita izan da gaurkoa, eta garbi gelditu da parean dabiltzala. Zumaia 14. izan da 20:47ko denborarekin, Portugalete irabazlearengandik 41 segundora. Zierbena izan da kanporaketako boskotetik nabarmendu dena: 15 segundo kendu dizkio Zumaiari; Isuntzak hiru, Cabok 40 ehuneneko eta Meirak lau segundo gehiago behar izan ditu.

Sailkapenari dagokionez, Portugaletek eman du ezustekoa, Orio, Kaiku eta Urdaibairi aurre hartuz. Laurak hiru segundoko tartean sartu dira.  Haiekin batera, Hondarribiak, San Pedrok eta Tiranek osatu dute garaileen zazpikotea. Atarian gelditu dira Astillero (80 ehuneneko aldeagatik) eta San Juan (hiru segundora).

Sailkapenak

Emakumeen estropada

1. Zumaia 11:16,86

2. Hibaika 11:31,38

3. San Juan 11:42,18

4. Mecos 11:46,96

5. Orio 12:01,78

Gizonezkoen estropada

1. Portugalete 20:05,92

2. Orio 20:06,08

3. Kaiku 20:07,64

4. Urdaibai 20:08,82

5. Hondarribia 20:15,32

6. San Pedro 20:16,66

7. Tiran 20:17,48

8. Astillero 20:18,28

9. San Juan 20:20,58

10. Zierbena 20:32,58

11. Chapela 20:43,32

12. Lekittarra 20:44,28

13. Cabo 20:46,80

14. Zumaia 20:47,20

15. Meira 20:51,26

16. Getaria 20:51,98

17. Pedreña 20:56,16

18. Santurtzi 20:58,04

19. Illunbe 21:04,44

20. Ondarroa 21:09,56

21. Castreña 21:11,98

22. Santoña 21:30,64

23. Elantxobe 21:30,86

24. Hibaika 22:20,76

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide