Bost lasterketa gelditzen zaizkie Viveros San Antongo txirrindulari juniorrei denboraldia amaitzeko. Asteburu hau oparoa izango da, taldeko batzuek errepideko Munduko Txapelketa aurrekoa jokatuko dute Beasainen larunbatean, eta igandean Ibarran beste lasterketa bat. Gorka Etxabe Galapagarren (Madrilen) izango da junior mailako pistako Espainiako txapelketetan parte hartzen (Eider Unanue, Caja Ruraleko zumaiarrak ere parte hartuko du). Arritxu Iribarrek bidali digu albistea.Errepidean maila polita erakusten ari dira azken lasterketetan Viveros San Antongo txirrindulariak. Soraluzen San Andresko igoeran Ibon Egaña seigarren izan zen, eta Aitor Olaziregi postu on asko lortzen ari da: Azkoitian bosgarren, Digaztelun laugarren, Obanosen seigarren... Trapagan tarteko helmugak irabazi zituen eta aurreko asteburuan Mendiko kriteriumean seigarren izan da. Lehen etapan, Oñatin, bigarren bukatu zuen lasterketa, beti onenen multzoan korrituz; bigarren etapan, Liernian onenekin zihoanean eta bi mendate faltan atzeko gurpilean zulatua izan zuen eta podiumeko aukerak galdu ondorioz. Hala ere, eta beste talde bateko txirrindulari batek gurpila utzi ziolako, 14. sailkatzea lortu zuen. Hirugarren etapan, krono-igoeran zortzigarren izan zen, bigarrenak 8 segundo besterik ez zizkion atera. Azkenean seigarren bukatu du mendiko kriteriuma.
Larunbatean 117 km-ko lasterketa izango dute Beasainen eta bertan erabakiko denez Munduko Txapelketarako Espainiako selekzioa osatuko duten txirrindularien zerrenda, estatu espainiarreko juniorrik onenak bertan izango dira. Viveros San Antonek lasterketa on bat egitea espero du, zortea kontra izaten ez baldin badute behintzat. Lasterketa luzea izateaz gain, gogorra ere izango da lau mendate gainditu behar dituztelako eta abiadura handia izango baita txirrindularien mailak hori pentsaraztera gonbidatzen baikaitu.
Denboraldiko azken txanpan dira juniorrak. Aurten errepideko juniorren denboraldia Zumaian bukatuko da hilaren 29an. Karrera berezia izango da, udazkeneko kriteriumeko azken proba ere izango baita. Udazkeneko kriteriuma hiru lasterketek osatuko dute: 21an Larretxo, 28an Urretxu eta 29an Zumaia. Lasterketa guztietako saikapenekin, azken sailkapen bat egingo da eta sari horiek ere Zumaian banatuko dira.
Orain arteko lasterketak kontutan hartuta, Aitor Olaziregi 13.a da rankinean.